'Elkartasunez' manifestua aurkeztu dute kultur, kirol eta irakaskuntzako hainbat eragilek

(askapena.org)

Gaur, ekainaren 10ean Palestinatik datorren deiari erantzunez (www.pacbi.org) 'elkartasunez ' (pdf) manifestua aurkeztu da Donostian.
Bertan EHko gizarte zibileko hainbat lagunek kultur, kirol edota irakaskuntza arloan Israeli Boikot egiteko deialdia zabaldu dute, bai eta beren eragin esparruetan boikot ekimen hau zabaltzeko konpromisoa ere.

Sinatzileen artean: Floren Aoiz, Sorkun, Antton Mendizabal, Fernando Mijangos, Fredi Paia, Txerra Bolinaga, Txan magoa, Koldo Izagirre, Estitxi Fernandez, Joseba Tapia, Beloki trikitilaria, Jone abeslaria, Gorka Urbizu, Xabi Paia, Oihane Perea, Joseba Agudo, Iñaki Viñaspre, Nekane Martiarena, Manex Agirre, Xamoa, Irati Anda, Jon Martin, Kepa Acero, Xabi Aldaz (Kaotiko), Gorka Urbizu (berri txarrak), Itziar Ituño, Ramon Agirre, Alfonso Sastre, Naroa Iturri, Amets Arzallus eta Alfonso Sastre. Gaur hemen gauden pertsonak eta 'elkartasunez' manifestuari atxikitu gatzaizkionak, zera adierazten dugu:

 Mundu mailan, eta Euskal Herrian, Israel estatu sionista eta arrazistaren aurka egiten ari den boikot kanpainarekin bat egiten dugula. Ekimen hau Palestinatik egin zen deialdiari erantzuten dio, eta helburua da palestinar herriaren aurka Israelgo estatuak egiten duen zapalkuntza, garbiketa etnikoa eta apartheid politikak etetea.

Orain hilabete bat 'Nakba' aldarrikatu zuten palestinarrek, beren nazio-hondamendiaren eguna, Israelgo estatuaren sorrera hain zuzen ere. Egun horretan 800.000 palestinar euren etxe eta lurrak utzi behar izan zituzten sionistak bultzaturiko garbiketa etnikotik ihesean. Egun horretan bi estatu sortu zituzten Palestinan: Israeli lurraren %52 utzi zioten eta Palestinari %48.
Gaur egun, Palestina historikoaren %89 Israelgo estatua da... lau miloi palestinar baino gehiago bizi da erbestean edota errefuxiatu-eremuetan. 60 urte eta gero, palestinarren eskubide nazionalak urratuak jarraitzen dute: Gaza isolatua dago blokeo kriminal bat dela eta, checkpoint edo kontrolak edonon daude palestinarren bidaiatzeko eskubidea oztopatuz, Zisjordaniako lurrak lapurtzen dituen Apartheid harresia bertako hiritarrak kartzela erraldoi batean bizitzera zigortu ditu, 11.000 preso politiko daude espetxe sionistetan, Apartheid harresia, olibondoak, bizitzaren zuhaitzak, erazuten dizkiete herria itolarrian jarriz.

Palestinarrek urterik urte ikusi dute beren herriaren egoera okerragotzen, nazioarteko komunitatearen pasibokeriaren laguntzaz, besteak beste. Horren aurrean deialdi bat egin dute:
80. hamarkadan Sudafrika estatuko apartheid politika eraldatzeko mundu mailako desinbertsio eta boikot mugimenduak izugarri garrantzitsuak izan ziren: eraiki dezagun horrelako mugimendu bat Israel estatuko politika arrazista eta genozida eteteko.

Kultura, kirola, irakaskuntza eta gizarte zibileko hainbat alorretako produktuei ere boikot egiteko deia egin dute eta dei horri erantzuten diogu guk.

Gainera, dei egiten diogu euskal intelektual, bertsolari, kirolari, idazle, artista eta gizarte zibileko erreferentziei, historiako zenbait unetan intelektualek-eta injustizien kontra borrokatzeko hartu duten ardura hartu dezagun. Sudafrikako apartheid politika aldaraztea lortu bazen, orain ere lortuko dugu Palestinaren kontrako zapalkuntza etetea.

Hauek dira Palestinatik eskatzen zaizkigun konpromisoak, eta guk geure egiten ditugunak:

-Arlo kultural zein akademikoan israeldar insituzioekin den ezein kooperazio, kolaborazio edo proiektutan parte ez hartzea.
-Nazio zein nazioarteko mailan instituzio israeldarren kontrako boikotaren defentsa egitea, instituzio hauei ematen zaien edozein finantzazio zein diru laguntzaren bertan behera uztea ere barne hartzen duelarik.
-Nazioarteko akademia-instituzioek Israelen des-inbertsioa egin dezatela bultzatzea.
-Israeldar politiken gaitzespenaren defentsan lan egitea, kultur elkarteek eta erakunde akademikoek edo profesionalek premiazko ebazpenen bidez gaitzespenok onartu ditzaten.
-Palestinar kultur zein akademia-insituzioak zuzenki laguntzea, laguntza mota horren baldintza agerikoa zein gordekoa Israelgo kideekin bat egin beharrik ez izatea izanik.

Azken bat ere gehitzen diogu: gure eragin esparruetan boikot hau zabaltzearen konpromisioa.